XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUSKARAREN OSASUNA ETA EUSKALKIAK -Koldo Zuazo

Baserri giroko eta adin haundiko baztandarren artean erabiltzeko baizik ez baitu, nonbait, Baztango hizkerak balio.

Horrela edo horrelatsu ikusi ohi ditu gauzak Baztango gurasoak, eta gauzak horrela ikusteak beste ondorio batzuk ekarriko ditu.

1. Hizkuntza loturaren etena

Beraren euskarak gizarte hiritar eta modernorako ez duela balio uste duen gurasoak nekez erakutsi ohi die seme-alabei.

Ahal duen neurrian, telebista ikusiaz, irratia entzunaz, seme-alaben jarduna adituaz... ikasi duen euskara berria erabiltzen saiatuko da bera ere.

Garbi dago euskara berri hori menderatzen ez duenez, hanka sartze galantak egingo dituena.

Garbi dago, era berean, euskara berri horretan ez duela lortuko bere betikoan izango zukeen jarioa, grazia, zehaztasuna eta dotoretasuna.

Eta argi izan behar dugu gaurregun hitzetik hortzera aipatzen dugun euskararen osasun edo kalitate ezak gurasoen eta seme-alaben arteko hizkuntza lotura ezarekin ere baduela zerikusia.

Ez diezaiogun, beti bezala, osasun txarraren erru guztia erdaran murgilduta bizitzeari egotz.

Horrek ere badu bere eragina, baina ez da inondik inora ere gure ezin guztien iturburua.

Era berean, ez dezagun sinistu haurrak eskolara bidaltzea eta ETBren aurrean jarrita ipintzea euskara ona ikasteko nahikoa denik.

Eskola eta hedabideak lagungarri dira, ezbairik gabe, baina etxea eta lagunartea dira denetan oinarririk sendoenak.

Eta osasun oneko euskara nahi badugu, belaunaldi batetik besterako hizkuntza lotura horri hizkuntzaren transmisioari, zenbaitek esan ohi duenez eutsi beharko diogu.

2. Hizkuntza okerrei ezikusi egitea

Gurasoak izan ohi dira seme-alaben lehen irakasle.

Hainbat bider gertatu zaigu geuri ere Josemariri ikusi deutset kalien esan, eta gurasoen oharra entzun izana: Zer ikusi deutsek, ba? Belarrixe, ala? Baina gurasoak horrelako zuzenketa bat egin ahal izateko konfiantza osoa izan behar du beraren buruan.

Eta nola izango du beraren buruan konfiantza, baldin eta seme-alabek ikasten duten euskara berarena bezalakoa ez bada?

Nola izango du beraren buruan konfiantza, azken baten beraren euskararen lotsa baldin bada? Baldin eta beraren euskara txarra dela, kaxkarra dela, zaharkitua dela uste badu?

Bestalde, seme-alabek eskolan ikasten badute euskara, nor da gurasoa ezer zuzentzeko?

Ez ote dira irakasleak horretarako? Eta zer, gainera, irakasleak irakatsitakoa bada haurrak dioena?